Justizia herritarrengana hurbiltzen

Doako Justizia eta tasa judizialak boxeo ring-ean

Doako Justizia eta tasa judizialak boxeo ring-ean

Justizia ministroak doako justizia eskuratzeko diru-sarreren muga igoko duela iragarri du; era horretara, diru-sarrera apalak dituzten pertsona gehiagok eskatu ahal izango dute doako justizia. Neurria Diputatuen Kongresuan aurkeztutako Doako Laguntza Juridikoaren Legearen erreformaren aurreproiektuan jasota dator. Hala ere, aldea dago esandakoaren eta testuan jasotakoaren artean.

Orain arte, diru–muga lanbide arteko gutxieneko soldata bikoiztuz kalkulatzen zen. Erreformak aurrera egiten badu, Gallardónek iragarri duenaren arabera, 2’5 aldiz biderkatuko da Ondorio Askotariko Errenta Adierazle Publikoa (OAEAP). Adierazle hori laguntzak, bekak, langabezia-subsidioak, diru–laguntzak… eskuratu ahal izateko diru-sarreren muga gisa erabiltzen da. Baina testuan diru-sarreren muga OAEAP-aren bikoitza dela jartzen du. Zenbakiak aldatu egiten dira batetik bestera.

Datuei erreparatuz gero, une honetan doako laguntza juridikoa eskatzeko, urtean gehienez 14.910 euro irabazi behar dira (1.242 euro hilean). Erreforma gautzen bada –Gallardónek adierazitakoari jarraituz– urtean gehienez 15.975 euro irabazten dutenek eskatu ahal izango dute (1.331 euro).

Aurreproiektuari dagokion testuaren arabera, berriz, 1.065 euro baino gutxiago irabazten dutenek bakarrik eskuratuko lukete doako justizia. Batuketa egiteko, familia-unitatea hartzen da kontuan. Justiziaren arabera, ezkondutako bikoteak edo izatezko bikoteak –edo horietako kide batek– eta beraien adingabeko seme-alabek osatzen dute familia-unitatea; adinez nagusiak diren seme-alabak ere batuketari gehituko zaizkio, baldin eta etxe berean bizi badira eta soldata bat jasotzen badute. Kasu horretan, seme-alaba horien diru sarrerak ere kontuan hartuko lirateke batuketa egiterakoan.

Beraz, bi aukera daude.

  • Aurreproiektuan jasotakoa zuzena bada, baldintzak gogortu egingo dira eta abokatua ordaindu ezin duten herritar askok doako justizia jasotzeko aukera galduko du.
  • Gallardónek iragarri duen bezala, OAEAP 2’5 aldiz biderkatzen bada, pertsona kopurua handituko da; beraz, aldaketa onerako izango litzateke. Baina letra txikiari erreparatzen badiogu, nola liteke, herritar kopuru handiago batek ofiziozko abokatua edukitzea, ministroak berak doako justizia tasa judizialen bidez finantzatu behar dela badio, eta hainbat aurrekontu murrizten ari badira? Zenbat eta murrizketa gehiago, orduan eta bitarteko gutxiago. Orduan, nola defendatuko dituzte herritarrak behar bezala?

Aldaketa hauei tasa judizialen lege proiektua gehitu behar zaie. Horren arabera, tasak doako justizia finantzatzeko erabiliko dira. Abokatuek, juristek, fiskalek, perituek…Kolektibo judizial guztiek erreformaren kontrako jarrera adierazi dute, haien ustetan konstituzioaren aurkakoa delako eta justizia eskuratzeko aukera mugatzen duelako. Esan dezagun argi. Lege proiektua onartzen bada, urtarrilaren 1ean indarrean jarriko litzateke. Beraz, datorren urtetik aurrera, 200 euroko trafiko isun baten aurkako errekurtsoa jarri nahi baduzu, tasa judizialak direla eta, 450 euro ordaindu beharko dituzu; eta horri, abokatuaren eta prokuradorearen gastuak gehitu beharko dizkiozu… Errentagarria al da?

2012ko azaroaren 12ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Genero indarkeriaren biktimak babestuago daude?

Genero indarkeriaren biktimak babestuago daude?

2012ko lehen hiruhilekoan emakumeen aurkako indarkeriagatiko 30.895 salaketa jarri ziren Espainian. Datuok Etxeko eta Genero Indarkeriaren Aurkako Behatokiak eman ditu argitara, eta agirian uzten dute arazo horren inguruan lan handia dagoela egiteko oraindik. Izan ere,  urte honetan dagoeneko 38 emakume hil dira bikotekidearen edo bikotekide ohiaren esku. Kopuruak behera egin duela dirudien arren (2011. urtean indarkeriazko 61 heriotza egon ziren), biktima kopuruak gora egin aurretik, erasotzaileak zigortzeko lege-hutsuneak bete behar dira. Gorte Nagusietara bidali den Zigor Kodearen erreformak delitu berriak barne hartzen ditu indarkeria matxistaren biktimentzako babesa handitzeko asmoz. Dena den, neurri horiek erasoak eta indarkeriazko heriotzak ekiditeko nahikoa izango direla uste duzu? Ala lehendik dauden zigorrak ere gogortu egin beharko liratekeela uste duzu? Hona hemen berritasunak:

  • Ezkontza behartuak hiru urtera arteko kartzela zigorra izango du. Ezkontzera behartzeko indarkeriaz edo larderiaz baliatzea zigortuko da, eta herritik kanpora ezkontzera behartzeagatik norbait nazio-lurraldea uztera behartzeko edo ez itzultzera behartzeko indarkeriaz, larderiaz edo iruzurraz baliatzea ere zigortuko da.
  • Dei errepikakorren edo zaintzaren bidez biktima zelatatzeak edo jazartzeak bi urtera arteko kartzela zigorra izango du.
  • Argazki edo bideo intimoak zabaltzeak irudietako protagonistak jakin gabe  irudiak hartutako unean protagonista ados egon arren  sei hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorra izango du. Orain arte eskutitzak edo biktimaren mezu pribatuak eskuratzea baino ez zen zigortzen, baina biktimak berak emandakoak ziren kasuetan hutsune legala zegoen. 
  • Zigorrak betetzeko ezarritako gailu elektronikoak baliogabetzea ere delitua izango da.
     

Utz iezaguzu zure iritzia!

2012ko urriaren 29ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Genero-indarkeria. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nazionalitate bikoitza eskura dezaket?

Nazionalitate bikoitza eskura dezaket?

Pertsona bat aldi berean bi herrialdetako herritarra denean nazionalitate bikoitza du. Hala ere, horrek ez du esan nahi bi herrialde horietako legeen eraginpean dagoenik aldi berean; horietako bati “lehentasuna” ematen zaio, egoitza duzun herrialdekoari normalean. Neurri hau hurrengo alorretarako erabiltzen da:  pasaportea eskuratzeko, babes diplomatikoa lortzeko, eskubide sozial eta politikoak gauzatzeko, lan-eskubideak eta Gizarte Segurantza izateko eta betebehar militarretarako. 

Espainian nazionalitate bikoitza hurrengo kasuetan izan dezakezu:

  • Senar-emazte batzuen semea/ alaba bazara eta zure gurasoetako bat Espainiakoa eta bestea atzerrikoa bada.
  • Espainiakoa izanik beste nazionalitate bat eskuratzen baduzu, lehenengoa galdu gabe.  Hau Espainiak nazionalitate bikoitzerako hitzarmena sinatuta duen herrialdeekin baino ezin da egin. Hitzarmena honako herrialdeekin du: Iberoamerikako herrialdeak, Andorra, Filipinak, Ekuatore Ginea eta Portugal. Iberoamerikako herrialdetzat jotzen da gaztelania edo portugesa  hizkuntza ofizialtzat duena. Adibidez, Puerto Rico Iberoamerikako herrialdea da, baina Haiti, Jamaika, Trinidad eta Tobago eta Guyana ez.

Beste balizko kasu batzuk ere aurki ditzakezu:

  • Nazionalitate bikoitzerako hitzarmena sinatuta duen herrialde batean jaio zinen eta Espainiako nazionalitatea eskuratu nahi duzu. Hurrengo loturan nazionalitatea eskuratzeko baldintzak betetzen dituzun eta kasu bakoitzean aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda ikus dezakezu. 
  • Beste herrialde batzuetako nazionalitate bikoitza daukazu, baina Espainiakoa nahi duzu. Nazionalitate bikoitza badaukazu, Kolonbiakoa eta Britainia Handikoa, adibidez, eta Espainiako nazionalitatea eskuratu nahi baduzu, Britainia Handikoari uko egin beharko zenioke. Kolonbiakoa, aldiz, mantendu ahal izango zenuke, Kolonbia Iberoamerikako herrialdea baita.
2012ko urriaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 266 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Atzerrian ezkondu naiz, nola legeztatuko dut nire ezkontza?

Atzerrian ezkondu naiz, nola legeztatuko dut Espainian nire ezkontza?

Maitasunak ez du mugarik. Espainiarra bazara eta atzerritar batekin ezkondu bazara edo atzerrian ezkondu nahi baduzu, jakin ezazu ezkontza horrek ez duela berehalako balioa Espainian. Horregatik, Espainian legeztatu arte ez du balio juridikorik izango. Eta, zer egin behar da legeztatzeko? Erregistro Zibilean erregistratu behar duzu. Jarraian nola egin behar duzun azalduko dizugu.

Bi aukera daude. Lehenengoa honako hau da: ezkondu zareten lekutik gertuen dagoen Espainiako Kontsulatuko Erregistro Zibilean inskribatzea; era horretara, Madrileko Erregistro Zibil Nagusian erregistratuta geldituko da. Bigarrena, honako hau: ezkontideak Erregistro Zibil Nagusira joatea. Kontuan izan behar duzue aurkeztu behar duzuen dokumentazioa ezkontza motaren araberakoa izango dela; hau da:

Elizan ezkondu bazarete, hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Legediak zehazten dituen inguruabarrak jasotzen dituen eliza- ziurtagiria.
  • Espainiako Erregistro Zibilak igorritako ezkontide espainiarraren edo naturalizatutakoaren hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria.
  • Ezkontide atzerritarraren jaiotza-ziurtagiria.
  • Espainiako nazionalitatea eskuratu duen ezkontidearen Nortasun Agiri Nazionala.
  • Espainiako ezkontidearen egoitza-ziurtagiria.
  • Datuak jasotzen dituen adierazpen-orria.

Ezkontza zibila izan bada:

  • Atzerriko Toki-erregistro Zibilak igorritako ezkontza-ziurtagiria.
  • Espainiako Erregistro Zibilak igorritako ezkontide espainiarraren edo naturalizatutakoaren hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria.
  • Ezkontide atzerritarraren jaiotza-ziurtagiria.
  • Espainiako nazionalitatea eskuratu duen ezkontidearen Nortasun Agiri Nazionala.
  • Espainiako ezkontidearen egoitza-ziurtagiria.
  • Datuak jasotzen dituen adierazpen-orria.
  • Horrez gain, ezkontide bietako bat dibortziatuta badago, orri bazterreko ohar baten bidez ezkontzaren desegitea jasota duen aurreko ezkontzako hitzez hitzeko ziurtagiria eta dibortzio-epaia aurkeztu behar ditu. Eta alarguna bazara, ezkontide izandakoaren hitzez hitzeko heriotza-ziurtagiria aurkeztu behar duzu.

Zuen ezkontza inskribatu ondoren, Erregistro Zibil Nagusiari zuen ezkontza-ziurtagiria nahi duzuenean eska diezaiokezue.
 

2012ko urriaren 18ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. 234 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nola egiten da epaiketa mota bakoitza?

Nola egiten da epaiketa mota bakoitza?

Arlo zibileko epaiketak, lan arlokoak edo zigor arlokoak gure eguneroko bizitzan agertzen diren terminoak dira. Hala ere, baliteke bata bestearengandik zertan ezberdintzen den ez jakitea. Horregatik epaiketa mota bakoitza nola egiten den azaldu nahi dizugu. Lau epaiketa mota daude: arlo zibilekoak, zigor arlokoak, administrazioarekiko auzibidezkoak eta lan arlokoak. Horietako bakoitzak ezaugarri bereziak ditu eta modu ezberdinean egiten da.

Nola egiten da arlo zibileko epaiketa?

Idatziz izapidetzen da ia osorik, eta demanda jarritako unean jartzen da abian . Demandatua jakinaren gainean jarriko da eta honek legeak ezarritako epean erantzun beharko du nahitaez (auzi mota bakoitzari epe ezberdin bat dagokio).

Orduan, bi aldeei (demandatzaileari eta demandatuari) luzaezina izango den epe bat ezarriko zaie , idatziz, egoki jotzen dituzten probak aurkez ditzaten (lekukoak, dokumentu bidezko frogak, aditu bidezko frogak, etb.).

Alde biek proposatutako frogak egin ondoren, Epaileak epaia emango du. Emandako epaiarekin ados egon ezean, apelazioa egin daiteke Probintzia Auzitegian, eta azken honek behin betiko epaia emango du. Auzitegi Gorenera kasu berezietan besterik ez da joko.

Nola egiten da zigor arloko epaiketa?

Arlo zibileko epaiketak ez bezala, zigor arloko epaiketak aurrez aurre izapidetzen dira gehienbat eta, delituaren edo faltaren arabera, Instrukzioko Epaitegian (lesio arinak, ebasketa arinak, irainak, trafiko istripuak, etab…), Zigor arloko Epaitegian (delituak oro har) edo Probintzia Auzitegian (delitu larriak) egingo dira. Azken honetan zinpekoen epaimahai bidezko epaiketa ere egiten da.

Salatutako gertaerak ikertu ondoren  –instrukzioa- ustezko errudunaren aurkako ahozko epaiketaren eguna eta ordua jartzen dira eta parte hartzaile guztiak jakinaren gainean jartzen dira. Azken hauek epaiketan parte hartzera derrigortuta daude. Lehenengo, akusatuak deklaratzen du eta, ondoren, salatzaileak edo kaltetuak hitz egiten du. Alde bakoitzak emandako azalpenak lekukoen bidez, dokumentuen bidez, adituen frogen bidez eta auzitegiko medikuen bidez egiazta ditzake. Horren ondoren, fiskalak eta  abokatuek frogen ahozko laburpena egiten dute (prozedura honi txostena egitea deritzo). Laburpen horretan epaitegiari eta auzitegiari kondena- edo absoluzio-eskaerak gogorarazten zaizkie. Horren ondoren, epaia emateko prest gelditzen da.

Nola egiten da administrazioarekiko auzibidezko epaiketa?

Arlo zibileko epaiketa bezalakoa da eta idatziz izapidetzen da baina, kasu honetan, Administrazioak bere abokatuak ditu. Epaiketa Administrazioarekiko Auzien Salan egiten da.

Nola egiten lan arloko epaiketa?

Demanda lan arloko epaitegian aurkeztu ondoren, epaitegiak demandatzaileari eta demandatuari epaiketarako dei egiten die eta bertan eguna eta ordua zehazten ditu. Epaiketa aurrez aurrekoa eta publikoa da.   Alde biek beraien eskaerak arrazoitzeko froga guztiak aurkeztu behar dituzte (laneko kontratuak, soldata orriak, lekukoak, adituak, etab.). Froga guztiak epaileari aurkeztuko zaizkio eta, horiek ikertu ostean, epaileak epaia emango du.

Epaiarekin ados egon ezean, salbuespenak salbuespen, errekurtsoa jar daiteke Autzitegi Nagusian.

Epaiketa motei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Justizia.net- n aurkituko duzu.
 

2012ko urriaren 1ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. 6 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook