Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justiziara abokatu gabe jo daiteke?

Justiziara abokatu gabe jo daiteke?

Bai, Justiziara abokatu gabe jo daiteke, baina baldintza batzuk bete behar dira. Kontuan izan behar da zer eta nola eskatu nahi dugun.

Eskatu nahi duguna dirua itzultzea bada, abokatu edo prokuradore gabe abian jar daitezkeen bi prozedura judizial daude herritarren eskura: Prozedura Monitorioa eta Hitzezko Epaiketa.

Prozedura Monitorioaren bitartez, zor dizuten diru-kopuru bat eska dezakezu, zorra ordaintzeko epea gaindituta baldin badago eta eskatzeko modukoa bada; izan ere, diru-kopuru hori zor dizutela egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzu. Gainera, ez dago erreklamazioa egiteko diru-mugarik, baina kontuan hartu erreklamatzen duzun diru kopurua 2.000 eurotik gorakoa bada, abokatua eta prokuradorea beharko dituzula.

Prozedura Monitorioa abian jartzeko baldintzak betetzen ez badituzu, Hitzezko Epaiketa eska dezakezu, betiere, diru kopurua 2.000 eurotik gorakoa ez bada.

Prozedura biak doanekoak dira eta ez dute iraungitze datarik. Hau da, demanda edozein unetan aurkez dezakezu.

Prozedura Monitorioa edo Hitzezko Epaiketa abian jartzeko demanda-idazki bat beharko duzu. Justizia.net-en idazkia egiten lagunduko dizuten hiru inprimaki normalizatu dituzu:

Inprimaki hauek demandatuaren bizilekuari dagokion Lehen Auzialdiko epaitegian aurkeztu behar dituzu, gainontzeko dokumentuekin batera. Hala eta guztiz ere, Hitzezko Epaiketaren kasuan hainbat salbuespen daudela jakin behar duzu: Zorra enpresa edo profesional batena bada, lantokiari dagokion epaitegian aurkez daiteke; zorra 90 eurotik beherakoa bada eta demandatuaren herrian Lehen Auzialdiko epaitegirik ez badago, Bake Epaitegian aurkez dezakezu; alokairu baten zorra kitatzea eskatzen baduzu, finkari dagokion epaitegian aurkeztu behar duzu; eta erreklamatzen duzuna trafiko istripu batekin lotuta badago, istripua gertatu den tokiari dagokion Lehen Auzialdiko epaitegira jo behar duzu.

2012ko maiatzaren 25ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  JustiziaEus-eko zerbitzuak . 43 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Helburua, utzarazpenak ekiditea Euskadin

Helburua, utzarazpenak ekiditea Euskadin

Milaka familia etxea galtzen ari da. Ezin diote hipotekaren ordainketari aurre egin eta bankuak haien etxeen jabe egiten ari dira.

Justizia eta Herri Administrazio Sailak eman dituen datuen arabera, utzarazpen kopurua bikoiztu egin da azken lau urteotan. Krisiak eragindako gaitz honekin amaitzeko Eusko Jaurlaritzak gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua abian jarri du. Idoia Mendia sailburuaren hitzetan, “utzarazpena pairatzeko arriskua duten pertsonentzako heldulekua” da.

Aholkularitza, bitartekaritza eta utzarazpenak

Hiru dira Eusko Jaurlaritzak abian jarritako planak dituen oinarriak:

Hipoteka bat kontratatzerako aholkularitza. Kontsumobideren bitartez, herritarrek hipoteka kontratatzeko orduan zein eskubide dituzten eta  arretaz jokatzeko aldez aurreko zein neurri baliatu behar dituzten jakinaraziko zaie.

Aholkularitza bi pausotan oinarrituko da: Lehenenengo, hipoteka-mailegua kontratatzera doan pertsonaren egoera ebaluatuko da, eta gero, ziurrenik bere bizitzako inbertsiorik handiena izango denaren gaineko kontrola gal ez dezan jarraibide batzuk proposatuko zaizkio. Azken finean, beren egoeran  hipotekarik egokiena kontratatzen laguntzean datza.

Hipoteka kontratatu aurretik laguntza eskatu nahi baduzu, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuarekin harremanetan jar zaitez: www.kontsumobide.net.

Gainzorpetutako familien eta bankuaren arteko bitartekaritza. Justizia Sailaren doako zerbitzua da, eta ohiko etxebizitza erostearen ondorioz gainzorpetu diren partikularrei eskaintzen zaie, betiere hipoteka-maileguak ez baditu 350.000 euro gainditzen. Helburua, bezeroak zorra ahalik eta baldintzarik onenetan kitatzea da. Horretarako aditu talde batek zure gaitasun ekonomikoa aztertuko du, finantza erakundearekin hitz egingo du eta gizarte-arreta eskainiko dizu.  

Zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa da hitzordua eskatzea, telefonoz:  Araba, 945 25 02 09 / Gipuzkoa, 943 01 14 96 / Bizkaia, 946 61 32 10 (abuztuan, telefono bidezko arreta zerbitzuko zenbakia  945 01 14 96 izango da).

Utzarazpenaren ondorioz baztertuta gelditzeko arrisku larrian dauden pertsonei eta familiei babestutako alokairuko etxebizitza bat eskainiko zaie. Eta noiz dago pertsona bat “baztertuta gelditzeko arriskuan”? Gizarte Zerbitzuek egindako txostenetan horrela egiaztatzen denean. Etxebizitza familia bizi zen inguruan egongo da eta beren errentaren arabera ordainduko dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxeak erosiko ditu eta zorra ordaintzetik askatuko du etxebizitzaren jabea.  Era honetara finantza erakundeek etxebizitza babestuak erosteko maileguak ematen jarrai dezaten lortu nahi da, Eusko Jaurlaritzak bare gain hartuko baitu zuzen-zuzenean hipoteka-merkatuko berankortasunaren arriskua.

 

2012ko maiatzaren 10ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Aldaketak Justizian: Manifestatzeko eskubidea, Zinpekoen Epaimahaiaren Legea, oposizioak, adingabeak...

Aldaketak Justizian: Manifestatzeko eskubidea, Zinpekoen Epaimahaiaren Legea, oposizioak, adingabeak

Justiziak erreforma handia behar du.  Hori da Alberto Ruiz-Gallardonek pentsatu behar duena, duela 5 hilabete Justizia Ministeriora iritsi zenetik hainbat eta hainbat aldaketa iragarri baititu. Koordainketa Justizian, Abortuaren Legea, Adingabeen Legea, notarioek ezkontzak egin ahal izatea, abuztua epaiketak egiteko lan-hilabete izatea, betiko kartzela zigorra… 2011ko abenduan Justizia Ministerioaren ardura hartu zuenetik iragarritako aldaketetako batzuk dira. 

Aste honetan aldaketak hizketa-gai izan dira berriro ere. Hauek dira Gallardonek egindako proposamen berriak, eta aurretik iragarri zituen beste erreforma batzuen xehetasunak:

Betiko kartzela zigorra Terrorismo kasuetan baino ez da ezarriko; ez adingabeen aurkako sexu-erasoen kasuetan. Neurri hau Frantzian, Erresuma Batuan eta Danimarkan indarrean dago eta bere helburua birgizarteratzea da. Gai honen inguruan, Gallardonek garbi dauka: “salbuespenezko mekanismoa da, gizarteak uste duenean pertsona batek askatasuna berreskuratzeko urte nahikoa ez dituela, birgizarteratzea gertatzen ez bada”. Horregatik, neurri hau terrorismo delituei baino ez zaiela ezarriko adierazi du, izan ere, kasu horietan bakarrik “egiazta daiteke ekintza terroristak bertan behera uzteko erabakia irmoa dela”.

Adingabeen aurkako sexu-erasoak. Uda aurretik Kongresura bidali eta udazkenean  izapidetze prozesua hasiko duen Zigor Kodearen erreformarekin era honetako delituen zigorrak gogortuko dira. 

Manifestatzeko eskubidea. Justiziako buruak ziurtatu duenez, “Gobernua ez da inoiz konstituzioak babesten duen eskubide batetik urrunduko, manifestatzeko eskubidetik, alegia”. Eskubide hau mugatzeko “inolako neurririk hartzeko asmoa” dagoenik ukatu egin du, eta hauxe gaineratu du, “ez gaude manifestatzeko eskubidearen egikaritzaz hitz egiten, baizik eta kale borrokari buruz; hori da guk une honetan aldatu nahi duguna”.

Aldaketak Zinpekoen Epaimahaiaren Legean. Zinpekoen Epaimahaiaren Legea aldatuko da, zenbait funtzionamendu arazo konpontzeko.

Epaile eta fiskalen lanpostuak. Epaileek eta fiskalek neurri honen aurkako iritzia adierazi dute, baina hala eta guztiz ere, Gallardonek bere erabakia berretsi du, nahiz eta aurton epaile eta fiskalentzako lanpostuak ez deitzeak atsekabetu egiten duela adierazi. Neurri hau “min handiz” hartu duela adierazi du, eta bizi dugun krisi ekonomikoaren ondorioa dela gehitu du.

2012ko apirilaren 23ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nork ordaindu behar ditu tasa judizialak?

Momentuz, doako justizia onartu zaien pertsonek ez, beste guztiek ordaindu beharko dituzte.  Berez, koordainketaren helburuetako bat doako justizia finantzatzea da. Gainera, koordainketaren helburua ere badira hain zuzen ere epaitegiak lanez gainezka ez egotea eta Justiziaren erabilera okerra ekiditea.

Espainiako enpresek 2002. urtetik tasak ordaintzen dituzte. Orain, zenbatekoak igo dira eta lehen auzialdian demanda bat jarri nahi duten norbanakoek eta bigarren auzialdian errekurtsoa jarri nahi duten norbanakoek ere ordaindu egin beharko dituzte. Tasa berriekin, enplegua erregulatzeko espediente bat errekurritzeko 500 euro ordaindu beharko dira, eta prozedura monitorioaren bidez demanda bat jartzeko 100 euro ordaindu beharko dira (lehen erdia balio zuen).

Gobernuak tasa berrien bidez 2010. urtean bildu ziren 172 milioi euroetatik 300 milioi euro inguru biltzera heldu nahi du.

Hauek izango dira tasa judizial berriak:

Tasa judizial berriak

 

 

 

 

2012ko apirilaren 10ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justizia Ministerioa. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Nire etxea emango dizut zorra kitatzeko

Nire etxea emango dizut zorra kitatzeko

Krisi ekonomikoa dela eta, familia asko egoera larrian daude; izan ere, lan gabe gelditzeaz gain, etxea galdu dute eta oraindik bankuarekin zorretan daude.

Nola iritsi dira egoera honetara? Duela gutxi ekonomiaren egoera oso ona zen. Garai hartan  oso erraza zen - dirua eduki zein ez eduki-  etxea erostea. Etxeen prezioak erabat puztuta zeuden, baina bankuek, erosi ahal izateko, era guztietako erraztasunak ematen zituzten. Trukean, amaierarik gabeko hipotekak ematen zituzten.

Horren ondorioz, krisialdian, milaka langile geratu dira langabezian eta gaur egun familia asko eta asko daude hipotekei aurre egin ezinik. Ondorioz, etxea galdu dute, baina bankuarekin milaka eurotako zorra izaten jarraitzen dute, beraien etxebizitzen prezioak ikaragarri jaitsi direlako.

Egoera tamalgarri honi amaiera emateko, Gobernuak hainbat erreforma jarri nahi ditu abian, eta finantza erakundeek, hala nahi izanez gero, bere egin dezaketen Jokabide Egokien Araudia ezarri nahi du. Momentuz, Araudia hainbat bankuk eta kutxek onartu dute (Banco Santander, Bankinter, Banco Sabadell eta Catalunya Caixa izan dira lehenak). Hori bai, abantaila fiskalen truke egin dute.

Jokabide Egokien Araudiaren ezaugarri garrantzitsuenetako baten arabera, familiek etxea eman dezakete zorra kitatzeko. Aukera honi ordainean ematea deritzo. Horrez gain, kaltetuek etxebizitzatik kaleratzeko agindua bi urtez atzeratu ahal izango dute alokairu sozial bat ordaintzen badute.

Gobernuak, aukera honetaz baliatzeko ondorengo baldintza hauek bete behar direla adierazi du:

  • Hipotekaren kuota familia unitateak dituen diru sarreren %60 baino gehiago izan behar du.
  • Familiako kide guztiek langabezian egon behar dute.
  • Etxebizitza, familiak duen lehena eta bakarra izan behar du.
  • Etxebizitzaren balioak ezin du gainditu:
    1. 200.000 euro, milioi batetik gorako hirietan.
    2. 180.000 euro, 500.000 biztanletik gorako hirietan.
    3. 150.000 euro, 100.000 biztanletik gorako hirietan.
    4. 120.000 euro, populazio gutxiagoko herrietan.

Irizpide hauen arabera, EAEn aukera hau izango duten familiak gehienez ere 150.000 euroko etxeak dituztenak dira. Izan ere, EAEn ez dago ez milioi bat biztanle baino gehiago duen hiririk, ezta milioi erdiko biztanle kopurua duen hiririk ere. Eta horrez gain, 100.000 biztanletik gorako lau hiri bakarrik daude: hiru hiriburuak eta Barakaldo. Ondorioz, EAEn oso gutxi izango dira etxea ordainean emateko aukera izango duten familiak.

EAEko Stop Desahucios plataformako bozeramalea den Marta Uriarteren arabera, Jokabide Egokien Araudiak kaltetuen %1ari eragingo dio bakarrik, izan ere, EAEko etxebizitzen prezioa 300.000 euro ingurukoa da. Marta Uriarteren ustez, ratioak herrialde bakoitzeko errealitatera egokitu beharko litzateke, adreiluak ez baitu berdin balio Galizian, Extremaduran edo hemen.

2012ko martxoaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. 2 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook