Justizia herritarrengana hurbiltzen

Hainbat erreforma Justizian

Hainbat erreforma Justizian

Epaileek eurek izateko beraien nagusiak aukeratzen dituztenak  Botere Judizialaren Lege Organikoaren aldaketa  iragarri eta handik ordu batzuetara, Justizia Ministro berriak Justiziari 180 graduko aldaketa eragingo dion hainbat  lege erreforma iragarri du.

Hona hemen eztabaida piztu duten erreformetako  batzuk:

  • Adingabeen legea: Ikerketa eta epaiketa bateratu egingo dira adingabeak eta pertsona helduak inplikatuta dauden delitu larrien kasuetan, prozedura bakar batean sartuko dira guztiak.
  • Haurdunaldia Borondatez Eteteari buruzko Legea: Adingabeei gurasoen baimena eskatuko zaie haurdunaldia eten ahal izateko .
  • Koordainketa: Bigarren instantzian errekurritzen duten pertsonek tasa judizialak ordainduko dituzte.  Neurri horren bitartez organo Judizialen “gehiegizko erabilera” ekidin nahi du Gobernuak.
  • Betirako kartzela zigorra: Kasu oso larrietan eta damurik ez badago, bizitza osorako kartzela zigorra ezartzeko aukera, berrikusia izateko aukerarekin. 

Justizia.net-en ikus ditzakezu Alberto Ruiz Gallardon Justizia Ministroak iragarritako proiektu eta lege erreforma guztiak.

2012ko otsailaren 7ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Euskarazko ezkontzak Gasteizen

Euskarazko ezkontzak Gasteizen

2010. urtean hasi ginen Gasteizen, Erregistro Zibileko magistratuaren beraren ekimenez,  ezkontzak interpreterik gabe egiteko asmoarekin. Ezkontzak egiten dituen magistratua erdalduna izan arren, interprete bidezko ezkontza desegokia zela iruditzen zitzaion, ez zela batere naturala eta horrelako ekitaldi garrantzitsu batek zerbait gehiago merezi zuela. Bera izan zen ezkontzak zuzenean euskaraz egiteko ahalegina egiteko prest azaldu zena.

Erabakia hartu zuen unetik hasita, trebakuntza lana egin behar izan genuen euskarazko ezkontza duin bat eskaini ahal izateko. Magistratua erdaldun hutsa izanik, ezkontza ekitaldian irakurri beharreko testua landu behar izan genuen, testua ondo ahoskatzeko eta doinu egokia emateko markak erabili (azentuak eta horrelakoak) eta berak bakarka praktikatzeko grabazioak prestatu. Material hori erabilita, trebatze saio batzuk eskaini genizkion magistratuari, eta bere burua prest ikusi zuenean, ezkontzak euskara hutsez egiten hasi zen, oso emaitza onarekin eta ezkontideen esker onarekin.

Bestalde, ezkontzeko eskaera egitera etortzen diren bikoteei ekitaldia euskaraz egiteko modua zeukatela jakinarazteko, eskabidea egiteko inprimakian ere aldaketak egin genituen. Hizkuntza aukera txertatzea erabaki genuen inprimakian, ezkontideek, eskubideaz gain, aukera praktikoa ere bazutela jakin zezaten.

Egindako lanaren ondorioz, 2011n 10 ezkontza egin dira Gasteizen euskaraz, interpretaziora jo gabe, nahiko modu naturalean, ezkontideen nahiak eta eskubideak errespetatuz.

  • EpaiBi Justizia Administrazioaren hizkuntza normalizaziorako lantaldea da. EpaiBiren helburu nagusienetako bat herritarrek Justizia Administrazioaren arloan dituzten hizkuntza eskubideak bermatzea da. EpaiBi lantaldearen eguneroko lanari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi buduzu, jo Justizia.net atariko “Euskara Justizian” atalera.
2012ko urtarrilaren 30ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Epaiketak abuztuan egitea merezi al du?

Epaiketak abuztuan egitea merezi al du?

Urte berria, Justizia Ministro berria eta ekimen berriak iritsi dira. Eta ideia horietako bat abuztuan epaiketak egitea da. Alberto Ruiz Gallardonek proposamena urtarrilaren hasieran bota zuen, bere lantaldean pisu handiena izango duten kideen izenak ezagutzera eman zituen egun berean, eta erantzunak berehala iritsi dira.

Justiziako langile asko neurri honen aurka azaldu da. Abuztuan epaiketak eginez gero horietako asko bertan behera geldituko liratekeela uste dute, oporrak tartean egonda, lekuko, aditu eta abokatu asko ez liratekeelako epaiketan agertuko. Horrek epaiketa bertan behera utzi behar izatea ekarriko luke eta, ondorioz, dirua alferrik gastatzea.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berriz, ez du uste abuztuan lan egitea zentzugabekeria denik, kultura aldaketaren ondorioz galdu egin delako 30 opor egun segidan hartzeko ohitura. Horrela, hainbat funtzionariok abuztuan lan egiten dutenez, epealdi horretan ikustaldiak egitea bide egokia izango litzateke Justizia Administrazioko baliabide materialak eta giza baliabideak errentagarriago egiteko.

Epaile gehienak ordezkatzen dituen Epaileen Elkarte Profesionala ere (EEP) neurri horren alde agertu da. EEP-k abuztuan epaiketak egiteko erabakia txalotu du eta Justizia arintzeko neurri gehiago proposatu ditu, adibidez, epaiketak arratsaldez egitea. Abokatuak edo lekukoak ez agertzeagatik epaiketak ez atzeratzeko berriz, bulegoak berrantolatzea eta egitura judiziala moldatzea proposatu du.

Idazkari Judizialen Elkargo Nazionalak ere Gallardonen proposamena ontzat jo du, beti ere epaitegi eta auzitegiek epaiketak behar besteko aurrerapenaz iragartzen badituzte, herritarrek oporrak antolatzeko aukera izan dezaten.

Demokraziarako Epaileak” elkartearen ustez berriz, neurria ez da kongruentea eta behar beste hausnartu gabe planteatu da. Gainera, zigor arloko prozedurak eta premiazko jardunak dagoeneko abuztuan egiten direla gogorarazi du, auzitegiek, beharrezko ikusten badute, lanerako hilabete bilaka dezaketelako.

Gai honen inguruan, Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiak (EAKN) datuak eman ditu eta abuztuan epaiketak egiteak “hamar epaiketatik bat ” lekukoak edo adituak ez agertzeagatik bertan behera utzi behar izatea eragingo duela kalkulatu du. Gainera, abokatuen iritziz, neurri honek uda osoan epaitegietan egiten den lana gehiago motelduko luke, magistratu eta funtzionarioek opor egunak urte osoan zehar banatu beharko lituzketelako eta, ondorioz, inoiz ez liratekeelako langile guztiak batera egongo.

Beraz,epaiketak abuztuan egitea merezi du, ala Justizia arintzeko bitartekaritza eta adiskidetze neurriak hartzea aztertu behar al da?

2012ko urtarrilaren 26ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Botere Judiziala. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Mikelek izena aldatu dezake eta Amaia deitu daiteke

Mikelek izena aldatu dezake eta Amaia deitu daiteke

Erregistro Zibilean identitate aldaketa izapidetzen ari diren EAEko transexualek beraien sexua egiaztatuko duen behin-behineko dokumentazioa eskatu ahal izango dute. Neurri hau, beste batzuen artean, Eusko Jaurlaritzak aste honetan onartu duen transexualen eskubideak aitortzeko Lege Proiektuan jasota dago.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak landu du testua eta Estatuan izapidetzen den ezaugarri horietako bigarrena da (Nafarroak ere antzerako proiektua onartu du).

Genero-identitate arrazoiengatik ez diskriminatzeko eta transexualen eskubideak onartzeko Lege-aurreproiektuaren helburu nagusia transexualitate-izaera definitzea da; horrela, Erregistro Zibilean sexuaren erregistro-marka eta izena aldatzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 15eko 3/2007 Estatuko Legea zabaldu egiten da.

3/2007 Legearen arabera, pertsona transexualek erregistroko inskripzioa aldatu ahal izango dute mediku-txosten bat aurkezten badute. Mediku-txosten horrek honakoak egiaztatu behar ditu: alde batetik, interesatuak genero-disforia duela, eta, bestetik, izan nahi duen sexuari dagozkion ezaugarri fisikoak bereganatzeko, interesatua gutxienez bi urtez tratamenduan egon dela.

Eusko Jaurlaritzak onartutako proiektuaren arabera, sexu batekoa edo bestekoa izatea ez da soilik kanpoko sexu-organoei lotutako kontzeptua, baizik eta zerbait gehiago. Hori dela eta, honako baldintza hauek betetzen dituztenei ere aitortuko zaie transexual-izaera:

  1. Sexu biologikoaren eta berezkotzat sentitzen duen genero-identitatearen artean gutxienez 6 hilabetez disonantzia egonkorra eta iraunkorra egiaztatzea, mediku- edo psikologo-txosten baten bitartez.
  2. Adierazten duen eta onartuta izan nahi duen genero-identitateari buruzko erroreak sor ditzakeen nortasun-nahasmendurik ez izatea; eta, horri lotuta, borondate egonkorra, zalantzarik gabekoa eta iraunkorra erakustea.

Osasuna, lana eta hezkuntza

Pertsona transexualen eskubideak onartzeko Lege-aurreproiektuari esker, giza-talde hau osatzen duten pertsonek behin-behineko dokumentazioa lortu ahal izango dute, identifikazio aldaketa Erregistro Zibilean burutu aurretik.Horrez gain, Gemma Zabaletak zuzendutako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak landutako testuak ondorengo neurriak jasotzen ditu:

  • EAEko administrazio guztiek aurreko identitateari buruzko aipamen guztiak ezabatuko dituzte haien fitxategietatik.
  • Osasun arloan, transexualitatearen alorreko erreferentziazko unitatea arautzen da. Neurri horren bitartez mediku-zerbitzua indartu egingo da.
  • Lan arloari dagokionean, euskal herri-administrazioetan transexualen kontratazioa  bultzatzeko neurriak hartuko dira.
  • Hezkuntza-esparruan transexualitatearen alorreko jardunak garatuko dira.
  • Berdindu” zerbitzuak, hau da, transexualentzako, haien familiartekoentzako eta hurbilekoentzako informazio-, orientazio- eta aholkularitza-zerbitzuak bere horretan jarraituko duela bermatuko da.
2012ko urtarrilaren 13ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Oroimen Historikoari buruzko Legera biltzeko epea amaituko da

Oroimen Historikoari buruzko Legera biltzeko epea amaituko da

Oroimen Historikoari buruzko 52/2007 Legearen bidez espainiar nazionalitatea eskatzeko epea abenduaren 27an amaituko da. 2007. urtean indarrean jarri zen arau horrek, Gerra Zibilean eta diktadura garaian erbestean bizi izan ziren espainiarren egoera aintzatetsi eta horien oinordekoei  espainiar nazionalitatea eskuratzeko aukera eskaintzen die. 

Oroimen Historikoari buruzko Legearen bitartez espainiar nazionalitatea eska dezakezu, ondorengo egoera hauetako batean bazaude:

  • Zure aita edo ama jatorriz espainiarrak badira, nahiz eta Espainian ez jaio.
  • Erbestean bizitzearen ondorioz espainiar nazionalitatea  galdu zuten edo horri uko egin behar izan zioten espainiarren biloba bazara.
  • Espainiar nazionalitate eratorria eskatuta badaukazu.

Edozein kasutan, gogoratu epea datorren abenduaren 27an amaituko dela. Beraz, aurreko egoeretako batean bazaude, Lege horretara biltzeko egun gutxi dituzu.

2011ko abenduaren 23ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Erregistro Zibila eta Bake Epaitegiak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook