Justizia herritarrengana hurbiltzen

JustiziaEus-eko zerbitzuak

Enkante batean parte hartu nahi duzu?

Enkante batean parte hartu nahi duzu?

Egunero hainbat ondasun ateratzen dira enkantean eta agian horietako batean parte hartzeko asmotan zabiltza, edo ondasun baten inguruko informazio gehiago nahi duzu. Horrela bada, Justizianet web atarian, EAEn egingo diren enkante guztiak ikus ditzakezu.

Horietako batean parte hartzeko asmorik baduzu, edo informazio zabalagoa nahi baduzu, lehenik eta behin jakin behar duzuna zera da: gure web atarian argitaratzen diren enkanteen fitxetan jasotako datuak informazio soila direla eta aldaketak izan ditzaketela. Enkantearen baldintza orokorrak eta zehatzak ikus ditzakezu enkantea egingo den epaitegiko iragarki-taulan horretarako argitaratzen den ediktuan. Horrez gain ediktuak Estatuko Buletin Ofizialean (BOE) iragarri daitezke, lurralde historikoan, EAEn eta baita enkantea egiten den lurralde historikoan ale kopuru gehien saltzen dituen egunkarian ere. Ediktu horren bitartez ematen zaio lege-baliozkotasuna.

Zenbait kasutan ediktuan jasotakoa baino informazio gehiago nahi izan dezakezu; adibidez, enkantean dagoen etxebizitza  ikusi nahi duzu. Printzipioz ediktuak etxebizitzaren ezaugarri orokorrak jasoko ditu bere baitan, hala nola metro karratuak, helbidea, gela kopurua… baina noski, datuak irakurtzea ez da etxebizitza ikustea. Dena den bigarren aukera hau ez da bideragarria, ondasuna ez baitago epaitegiaren esku. Etxebizitza horrek jabea dauka, eta beraz, ezin da bisitatu.

Enkante batean parte hartzeko oso garrantzitsua da gordailua zainpean uzteko kontuan dirua nola sartu behar den jakitea . Horretarako bi aukera daude: lehena, Banestoko bulego batean dirua zuzenean sartzea da. BIgarrena, banku-transferentzia  egitea. Justizianet-en enkantean parte hartzeko informazio guztia ikus dezakezu.

2012ko abuztuaren 27ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  JustiziaEus-eko zerbitzuak . Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Justiziara abokatu gabe jo daiteke?

Justiziara abokatu gabe jo daiteke?

Bai, Justiziara abokatu gabe jo daiteke, baina baldintza batzuk bete behar dira. Kontuan izan behar da zer eta nola eskatu nahi dugun.

Eskatu nahi duguna dirua itzultzea bada, abokatu edo prokuradore gabe abian jar daitezkeen bi prozedura judizial daude herritarren eskura: Prozedura Monitorioa eta Hitzezko Epaiketa.

Prozedura Monitorioaren bitartez, zor dizuten diru-kopuru bat eska dezakezu, zorra ordaintzeko epea gaindituta baldin badago eta eskatzeko modukoa bada; izan ere, diru-kopuru hori zor dizutela egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzu. Gainera, ez dago erreklamazioa egiteko diru-mugarik, baina kontuan hartu erreklamatzen duzun diru kopurua 2.000 eurotik gorakoa bada, abokatua eta prokuradorea beharko dituzula.

Prozedura Monitorioa abian jartzeko baldintzak betetzen ez badituzu, Hitzezko Epaiketa eska dezakezu, betiere, diru kopurua 2.000 eurotik gorakoa ez bada.

Prozedura biak doanekoak dira eta ez dute iraungitze datarik. Hau da, demanda edozein unetan aurkez dezakezu.

Prozedura Monitorioa edo Hitzezko Epaiketa abian jartzeko demanda-idazki bat beharko duzu. Justizia.net-en idazkia egiten lagunduko dizuten hiru inprimaki normalizatu dituzu:

Inprimaki hauek demandatuaren bizilekuari dagokion Lehen Auzialdiko epaitegian aurkeztu behar dituzu, gainontzeko dokumentuekin batera. Hala eta guztiz ere, Hitzezko Epaiketaren kasuan hainbat salbuespen daudela jakin behar duzu: Zorra enpresa edo profesional batena bada, lantokiari dagokion epaitegian aurkez daiteke; zorra 90 eurotik beherakoa bada eta demandatuaren herrian Lehen Auzialdiko epaitegirik ez badago, Bake Epaitegian aurkez dezakezu; alokairu baten zorra kitatzea eskatzen baduzu, finkari dagokion epaitegian aurkeztu behar duzu; eta erreklamatzen duzuna trafiko istripu batekin lotuta badago, istripua gertatu den tokiari dagokion Lehen Auzialdiko epaitegira jo behar duzu.

2012ko maiatzaren 25ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  JustiziaEus-eko zerbitzuak . 38 Iruzkinak.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook