Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justiziarekin elkarlana

Oņatiko Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuak 2017ko maiatzaren 18an "Europako adingabeen justizia leheneratzaile eredua: Euskadiren erronka" mintegia antolatu du

Datorren ostegunean, maitzaren 18an, nazioarteko zenbait adituk Europako adingabeen justizia leheneratzaile ereduari buruz arituko dira Oñatiko Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuak antolatutako mintegi zikloen baitan. Mintegia Justizia Leheneratzailean aditu den Tim Chapmanek eta Eusko Jaurlaritzako Helduen Justizia Zerbitzuaren arduradun Roberto Morenok gidatuko dute.

Europako ereduak praktika egokienak eta eraginkortasunerako gakoak ikertzen ditu. Ikerketa, European Forum For Restorative Justice taldeak bultzatzen du eta  Justizia leheneratzailean aditu den ikertzaile talde batek zuzentzen du (Eusko Jaurlaritza talde horren partaide da).

80.hamarkadaz geroztik Eusko Jaurlaritzak, araudi-esparru ofizialik gabe, adingabeei zuzendutako bitartekaritza prozesuak jarri ditu abian. 2000. urtean 5/2000 Legea, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzunkizun penalari buruzkoa, jarri zen indarrean. Une hartan, adingabe kaltegileekin  legezko “bitartekaritza” eta “adiskidetze” prozedurak abian jartzeko aukera ezarri zen.  Harezgero, Eusko Jaurlaritzaren Lantalde Psikosozialak izan dira Auzitegi Barruko bitartekaritzaren arduradun, eta adingabeekin abian jarritako prozedura kopuruak nabarmen egin du gora (2015ean 387 bitartekaritza auzi); horien artean, biktima-kaltegilearen arteko zuzeneko bitartekaritza auzi kopurua oso handia izan da (%40).

Euskadiko esperientzia

Mintegiaren helburua Europako Adingabeen Justizia leheneratzaile eredua aurkeztea eta Euskadin garatutako proiektuekin alderatzea da, bai adingabeen auzitegi barruko bitartekaritza arloan, bai eta Eusko Jaurlaritzaren adingabeen justizia sistemaren baitan Adingabeen Zentroetan garatutako betearazpen ereduei dagokienez ere.

Gainera, Justizia Leheneratzailearen teknika berriak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste, zirkuluak eta hitzaldiak, eta euskadiko adingabeen justizian horiek ezartzeko aukerak aztertuko dira. Justizia arloan diharduten profesionalekin ere etorkizunean Adingabeen Justizia Leheneratzaile eredua ezartzeko aukera jorratuko da,  alegia,  adingabeen arloko epaile eta fiskalekin, justizia leheneratzailearen Euskadiko adituekin eta adingabeen justizian Euskadin lan egiten duten bitartekari eta teknikariekin.

2017ko maiatzaren 9ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

ZKEZek 2016ko memoria aurkeztu du

Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuak 2016ko memoria aurkeztu du. Txostenean Eusko Jaurlaritzako zerbitzu publikoak iaz egindako lanari buruzko datuak daude.

Urte horretako memorian, aurreko urteetakoetan ez bezala, ikuspegi berri bat sartu da, ZKEZk zer-nolako lana egiten duen are argiago jakiteko. Orain arte, memorietan, Euskadiko epaitegi eta auzitegiek ZKEZri bidaltzen zizkioten betearazteko autoak baino ez ziren aztertzen (izendapen berrian, espetxeratzearen ordezko neurriak), eta ez ziren aztertzen ZKEZk neurri horiek betearazteko egiten eta kudeatzen dituen esku hartzeko planak.

Hortaz, memoriak eduki hauek ditu:

  • Lehen zatian, 2016. urtean ZKEZri bidalitako espetxeratzearen ordezko neurriei buruzko datu orokorrak azaltzen dira. Funtsean, bat datoz aurreko urteetako memorietan azaltzen ziren datuekin.
  • Bigarren zatian, ZKEZk 2016an egin eta kudeatu dituen esku hartzeko planak azaltzen dira, datu orokorrak eta esku hartzeko plan bakoitzeko datu espezifikoak bereizita.
  • I. eranskina. Lurralde historiko bakoitzari dagozkion datuak azaltzen dira.
  • II. eranskina. Espetxeratzearen ordezko neurri bakoitzari buruzko datuak azaltzen dira.
  • III. Eranskina. Bide-segurtasunaren delituentzako tailerrei buruzko gogobetetze-inkesta jasotzen du.

Espetxeratzearen ordezko neurriei dagokienez, datuen lehen azterketan, ikusten da ZKEZk lan handia izan duela aurten ere: betearazteko 11.399 neurri izan ditu, guztira. Neurri horietatik 6.185 aurreko urteetan abiatutako neurriak ziren, eta 5.214 neurri, berriz, epaitegi eta auzitegiek 2016an bidalitakoak izan dira. Kopuru hori (5.214, alegia) aurreko urtekoa baino zertxobait txikiagoa da, 5.754 neurri bidali baitziren.

Aurten bidalitako neurrietatik, 2.801 komunitatearen onerako lanak izan dira; 2.330, zigorraren betearazpen-etendurak; eta 83, segurtasun-neurriak. Bide-segurtasunaren aurkako delituak eta genero-indarkeria izan dira, urtero bezala, neurriak eragin dituzten arrazoi nagusiak (% 31 eta % 24, hurrenez hurren). Neurri horiek guztiek zigortutako 2.919 pertsona hartu dituzte beren baitan (KALak 1.826 pertsonarentzat; betearazpen-etendurak, 1.052 pertsonarentzat; eta segurtasun-neurriak, berriz, 41 pertsonarentzat).

Pertsona horietatik gehienak gizonezkoak ziren (2.546 pertsona, % 87); emakumezkoak, berriz, 373 ziren (% 12). Nazionalitateei dagokienez, europarrak ziren gehienak.

Betearazteko 11.399 neurrietatik, 5.387 (% 47) amaitutzat jo dira, bai artxibatu direlako (3.270 neurri), bai bete direlako (2.117 neurri). Aurten, artxibatutako neurriek gora egin dute (% 60 izan dira). Hein handi batean, zigortutako pertsona agertu ez delako gertatu da hori, edo neurria betetzeari utzi zaiolako, eta, beraz, beherakada txiki bat egon da neurrien betetze-mailan (% 40 izan dira). Nolanahi ere, betetze-maila hori handiagoa da berez, kontuan hartzen badugu artxibatutako 3.270 neurrietatik 999 berriro ireki direla, eta horietatik 246 bete direla jada, 319 betetzen ari direla, eta 229tan, berriz, betetzeko prozesua berrabiarazteko kudeaketa-lana egiten ari direla. Bestalde, berrireki ez diren espedienteek ondorio penalak eragingo zituzten, ez-betetzeagatik.

Aurten, adierazitako neurrien betearazpenerako, ZKEZk esku hartzeko 6.504 plan egin eta kudeatu ditu: komunitatearen aldeko 3.742 lan, bide-segurtasunaren aurkako delituengatiko 1.330 lantegi, mendekotasuna gainditzeko 843 tratamendu, genero-indarkeriaren aurkako 394 programa, eta osasun mentalerako 195 programa. Datuek adierazten dute planen betetze-maila altua izan dela: amaitutzat jotako 4.093 planetatik, % 82 bete dira (3.389 plan), eta soilik % 17 artxibatu dira (704 plan). Arrazoien artean, bide-segurtasunaren aurkako delituak dira nagusi (% 39), nabarmen, eta haien atzetik genero-indarkeriagatiko delituak (% 13), lesio-delituak (% 13) eta ondarearen aurkako delituak (% 12) daude.

2016an, ZKEZk pertsona asko hartu ditu; zigortutako 4.404 pertsona hain zuzen; gehienak gizonak (% 87) eta europarrak. Pertsona horiek guztiek parte hartu dute ZKEZk haiei ezarritako zigorra betetzeko prestatu dituen esku hartzeko planetan. Plan horien bidez pertsonari bere ekintzengatiko erantzukizuna bere gain hartzeko aukera eman nahi zaio, eta horrela, espetxeratzearen ordezko neurriei funtsa eman.

Plan horiek kasu bakoitzaren aldagaietara doitu behar dira, eta, horretarako, ZKEZk, kasu bakoitzean, pertsonaren egoeraren aurretiko balorazioa egiten du, delituzko jokabidearen kausetarako tratamendua bilatzeko asmoz, zigorra ahalik eraginkorrena izan dadin, zigortzen den jokabidea berriz ez gertatzeko, horrek komunitate osoarentzat dituen ondorio onuragarriak lortzeko.

2017ko maiatzaren 4ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook