Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justiziarekin elkarlana

ZKEZek 2016ko memoria aurkeztu du

Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuak 2016ko memoria aurkeztu du. Txostenean Eusko Jaurlaritzako zerbitzu publikoak iaz egindako lanari buruzko datuak daude.

Urte horretako memorian, aurreko urteetakoetan ez bezala, ikuspegi berri bat sartu da, ZKEZk zer-nolako lana egiten duen are argiago jakiteko. Orain arte, memorietan, Euskadiko epaitegi eta auzitegiek ZKEZri bidaltzen zizkioten betearazteko autoak baino ez ziren aztertzen (izendapen berrian, espetxeratzearen ordezko neurriak), eta ez ziren aztertzen ZKEZk neurri horiek betearazteko egiten eta kudeatzen dituen esku hartzeko planak.

Hortaz, memoriak eduki hauek ditu:

  • Lehen zatian, 2016. urtean ZKEZri bidalitako espetxeratzearen ordezko neurriei buruzko datu orokorrak azaltzen dira. Funtsean, bat datoz aurreko urteetako memorietan azaltzen ziren datuekin.
  • Bigarren zatian, ZKEZk 2016an egin eta kudeatu dituen esku hartzeko planak azaltzen dira, datu orokorrak eta esku hartzeko plan bakoitzeko datu espezifikoak bereizita.
  • I. eranskina. Lurralde historiko bakoitzari dagozkion datuak azaltzen dira.
  • II. eranskina. Espetxeratzearen ordezko neurri bakoitzari buruzko datuak azaltzen dira.
  • III. Eranskina. Bide-segurtasunaren delituentzako tailerrei buruzko gogobetetze-inkesta jasotzen du.

Espetxeratzearen ordezko neurriei dagokienez, datuen lehen azterketan, ikusten da ZKEZk lan handia izan duela aurten ere: betearazteko 11.399 neurri izan ditu, guztira. Neurri horietatik 6.185 aurreko urteetan abiatutako neurriak ziren, eta 5.214 neurri, berriz, epaitegi eta auzitegiek 2016an bidalitakoak izan dira. Kopuru hori (5.214, alegia) aurreko urtekoa baino zertxobait txikiagoa da, 5.754 neurri bidali baitziren.

Aurten bidalitako neurrietatik, 2.801 komunitatearen onerako lanak izan dira; 2.330, zigorraren betearazpen-etendurak; eta 83, segurtasun-neurriak. Bide-segurtasunaren aurkako delituak eta genero-indarkeria izan dira, urtero bezala, neurriak eragin dituzten arrazoi nagusiak (% 31 eta % 24, hurrenez hurren). Neurri horiek guztiek zigortutako 2.919 pertsona hartu dituzte beren baitan (KALak 1.826 pertsonarentzat; betearazpen-etendurak, 1.052 pertsonarentzat; eta segurtasun-neurriak, berriz, 41 pertsonarentzat).

Pertsona horietatik gehienak gizonezkoak ziren (2.546 pertsona, % 87); emakumezkoak, berriz, 373 ziren (% 12). Nazionalitateei dagokienez, europarrak ziren gehienak.

Betearazteko 11.399 neurrietatik, 5.387 (% 47) amaitutzat jo dira, bai artxibatu direlako (3.270 neurri), bai bete direlako (2.117 neurri). Aurten, artxibatutako neurriek gora egin dute (% 60 izan dira). Hein handi batean, zigortutako pertsona agertu ez delako gertatu da hori, edo neurria betetzeari utzi zaiolako, eta, beraz, beherakada txiki bat egon da neurrien betetze-mailan (% 40 izan dira). Nolanahi ere, betetze-maila hori handiagoa da berez, kontuan hartzen badugu artxibatutako 3.270 neurrietatik 999 berriro ireki direla, eta horietatik 246 bete direla jada, 319 betetzen ari direla, eta 229tan, berriz, betetzeko prozesua berrabiarazteko kudeaketa-lana egiten ari direla. Bestalde, berrireki ez diren espedienteek ondorio penalak eragingo zituzten, ez-betetzeagatik.

Aurten, adierazitako neurrien betearazpenerako, ZKEZk esku hartzeko 6.504 plan egin eta kudeatu ditu: komunitatearen aldeko 3.742 lan, bide-segurtasunaren aurkako delituengatiko 1.330 lantegi, mendekotasuna gainditzeko 843 tratamendu, genero-indarkeriaren aurkako 394 programa, eta osasun mentalerako 195 programa. Datuek adierazten dute planen betetze-maila altua izan dela: amaitutzat jotako 4.093 planetatik, % 82 bete dira (3.389 plan), eta soilik % 17 artxibatu dira (704 plan). Arrazoien artean, bide-segurtasunaren aurkako delituak dira nagusi (% 39), nabarmen, eta haien atzetik genero-indarkeriagatiko delituak (% 13), lesio-delituak (% 13) eta ondarearen aurkako delituak (% 12) daude.

2016an, ZKEZk pertsona asko hartu ditu; zigortutako 4.404 pertsona hain zuzen; gehienak gizonak (% 87) eta europarrak. Pertsona horiek guztiek parte hartu dute ZKEZk haiei ezarritako zigorra betetzeko prestatu dituen esku hartzeko planetan. Plan horien bidez pertsonari bere ekintzengatiko erantzukizuna bere gain hartzeko aukera eman nahi zaio, eta horrela, espetxeratzearen ordezko neurriei funtsa eman.

Plan horiek kasu bakoitzaren aldagaietara doitu behar dira, eta, horretarako, ZKEZk, kasu bakoitzean, pertsonaren egoeraren aurretiko balorazioa egiten du, delituzko jokabidearen kausetarako tratamendua bilatzeko asmoz, zigorra ahalik eraginkorrena izan dadin, zigortzen den jokabidea berriz ez gertatzeko, horrek komunitate osoarentzat dituen ondorio onuragarriak lortzeko.

2017ko maiatzaren 4ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Lagun Artean elkartearen esperientzia komunitatearen aldeko lanak egiten dituzten pertsonekin

Lagun Artean elkartearen esperientzia komunitatearen aldeko lanak egiten dituzten pertsonekin

Lagun Artean irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta 1983an hasi zen lanean, Bilbon, Deustuko auzoan. Etxerik gabeko pertsonei edo gizarte-bazterkeria izateko arrisku handian dauden pertsonei gizarteratzen laguntzen jarduten du.

Gaur egun, zerbitzu hauek ditu: gaueko aterpetxe bat (32 plaza), eguneko zentro bat, zenbait kolektibotarako 13 etxebizitza, eta etxerik gabekoentzako beste zerbitzu ireki batzuk: gosariak, dutxak, kafea eta berotasuna, garbitegia, eta abar.

Lagun Artean elkartea 2011. urtetik ari da Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin kolaboratzen, komunitatearen aldeko lanen betearazpenetan. 2012. urtetik (hortik aurrera ditugu datuak), 256 pertsonak hartu dute parte programa horretan (243 gizon eta 13 emakume) eta 81 lanaldi egin dituzte batez beste.

2016an, 59 pertsonak kolaboratu dute gurekin. Aurten, hobekuntza gisa, betearazpenei buruzko datuak sartu ditugu gure datu-basean (atal jakin bat du KOLetarako).

Pertsona guztiekin elkarrizketa bat egiten da lehenik eta behin, zer espero duten, zer ordutegi izango duten, zer lan egin behar duten eta abar argitzeko, eta akordioa sinatzeko. Garrantzitsua iruditzen zaigu lehen harreman horretan elkartearen berri izatea: zer den, zer egiten duen, zer helburu dituen, eta abar. Informazioa ematen zaiela sentiaraztea da gure helburua, harrera ona egiten zaiela eta estimatzen diegula bai Lagun Arteari oro har bai etxerik gabeko pertsonen onura zuzenari zehazki egitera doazen ekarpena.

Hona hemen proposatzen zaizkien lanetako batzuk: eraikinen mantentze-lanetan laguntzea, gidari-lanak egitea, Lagun Artean elkarteko zerbitzu irekietan laguntzea (gosariak, dutxak, garbitegia, kafea, afariak zerbitzatzea...), biltegi-lanak, nekazaritza-lanak eta animaliak zaintzekoak Aiza Onak baserrian, idazkaritza- eta administrazio-lanetan laguntzea, mandatuak egitea, eta abar.

KALak egiten dituzten pertsonek, betearazpen-aldi osoan, erreferentziazko profesional bat dute ondoan, eta zerbitzuetan, kontratatutako langileekin, boluntarioekin, komunitatearen aldeko lanak egiten ari diren beste pertsona batzuekin eta erabiltzaileekin batera aritzen dira. Partekatutako esperientzia horretatik, sinergia interesgarriak sortu dira:

  • KALak egin dituzten pertsona batzuk Lagun Artean geratu dira, boluntario gisa.
  • Zigorra bete ondoren, pertsona askok adierazten dute prest daudela etorkizunean noizean behin gauzak egiteko.
  • Profesional batzuk kontuan hartzen ditugu erakundearen hornitzaile izateko, eta zenbait lanetarako kontratatzen dira.
  • Jarrera-aldaketa sumatu dugu, gazteetan batik bat. Pertsonek kalean duten errealitatea ikusteak -sarritan, adin bereko immigranteen egoerak- zirrara handia eragiten du, bai eta norberaren egoera interpretatzeko modu berri bat eragin ere.

Laburbilduz, Lagun Artean elkartean komunitatearen aldeko lanak egiten dituzten pertsonen lankidetza-esperientzia gure elkartearen misioaren ildoarekin bat dator, eta oso positiboa da bi aldeentzat. Halaxe adierazten dute pertsona horiek betearazpenak amaitzean betetzen dituzten gogobetetasun-inkestetan adierazitako ekarpenetan. Programak eskaintzen duen konpentsazio-neurriak, gastuak sortu beharrean, balio erantsia ematen die gizarteari eta hirugarren sektoreari, eta jarrera-aldaketa eragiten du, bai erakundeetan, bai betearazpenak betetzen dituzten pertsonetan.

2017ko apirilaren 28ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook