Justizia herritarrengana hurbiltzen

Justiziarekin elkarlana

Kaleratzeak Stop plataformak badauka egoitza Bizkaian

Kaleratzeak Stop plataformak badauka egoitza Bizkaian

Kaleratzeak Stop plataformak familiek euren etxebizitzak gal ez ditzaten egiten du lan egunero. Hala ere  iragan urtarrilaren 18ra arte taldeak ez zuen egoitzarik. Egun horretan Bizkaiko kaleratzeak Stop plataformak bere lehen bulegoko ateak ireki zituen. 

Egoitza Sestaon dago,  bertako Udalak utzitako lokal batean ( San Diego kalea, 3 - Las Llanas ikastetxe ohia -). Abokatua eta gizarte laguntzailea daude bertan, euren etxebizitza galtzeko arriskuan dagoen edozein familiaren egoera aztertu eta gizarte laguntzak kudeatzeko. Harrera ordutegia hurrengoa da: astelehenetik ostiralera, 10.00etik 13:30era eta 17:00tik 20:00etara.

Horrez gain, gogora ezazu Justizia Administrazioak Hipoteka Bitartekaritza Zerbitzua duela . Zerbitzu horretara jotzen baduzu, bitartekari bat familiaren eta finantza-erakundearen artean akordio bat lortzen saiatuko da. Informazio gehiago behar baduzu, Hipoteka Bitartekaritza atalean ikus dezakezu.

Baina batez ere, etxebizitza galtzeko arriskuan bazaude, ez itxoin azken unera arte.

2013ko otsailaren 22ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Ezagutu itzazu etxe-kaleratzeetan ematen diren pausoak

Ezagutu itzazu etxe-kaleratzeetan ematen diren pausoak

2008an krisia hasi zenetik ia 150.000 familiek etxea galdu dute. Etxebizitza duin baterako eskubidea  gizabanakook ditugun oinarrizko eskubideei buruz osatutako NBEn aitorpenean jasota dator. Adierazpen horrek etxebizitza babesa ematen duen leku bat baino gehiago dela zehazten du: segurtasunez, bakean eta duintasunez bizitzeko eskubide bat dela aitortzen du.

Baina NBEn adierazpenean horrela jasota badago ere, Espainiako Hipoteka Legean maileguari aurre egin ezin dioten pertsonak beraien ohiko etxebizitzatik botatzeko neurriak ezarrita daude. Norbere ohiko etxebizitzatik kaleratua izatea, beraz, legezkoa da. Hona hemen kaleratua izan aurretik ematen diren pausuen berri:

Demanda. Kuota bat ez ordaintzea nahikoa izango da finantza-erakundeak zor osoaren kitapena eskatzeko. Zorretan dagoen pertsonari eskrituretan zehaztutako helbidera demandaren jakinarazpena bidaliko zaio eta ordaintzeko epe bat zehaztu edo demanda aurkaratzeko aukera duela adieraziko zaio. Ordaintzen ez badu, hurrengo pausua hipoteka-betearazpena izango da.

Enkantea. Bankuak Jabetzaren Erregistroari higiezinak dituen zamak jasotzen dituen ziurtagiria eskatuko dio eta etxebizitza enkantean aterako da. Higiezinaren balioa mailegua ematerakoan egindako tasazioan oinarrituta ezarriko da. Enkantea publikoa (epaitegian) edo pribatua (finantza-erakundean) izan daiteke. Zorra duen pertsona jakinaren gainean jarri ondoren, enkantearen deialdia Udaletxean, Jabetzaren-erregistroan edo epaitegian bertan jarritako iragarkien bidez  ezagutzera emango da. Data horretara arte zordunak zor dituen kuotak ordaindu eta maileguari eusteko eskubidea dauka. Hori gertatzen ez bada, etxebizitza tasazio-prezioaren %70gatik enkantean aterako da. Eroslerik ez badago, bankua etxebizitzarekin gelditu daiteke, tasazio-balioaren %60 (ohiko etxebizitza bada) edo % 50 ordainduta.

Botatzea. Etxebizitza  erakunde batena edo hirugarren pertsona batena izatera pasatzen denean, -eta ohiko etxebizitza denean- botatzeko epea hilabetekoa izango da. Epea beste hilabete batez luzatu ahal izango da. Luzapena eskatzen ez bada, poliziaz lagundutako segizio judizial bat etxebizitzara joango da botatzera.

Zorretan dagoen pertsonak, kalean gelditu arren, ez du bankuarekin duen zorra kitatzen. Atzerapenagatiko interesek gora egiten jarraituko dute, eta zordunak, dituen eta etorkizunean izango dituen ondasunekin  ordaindu beharko ditu.

2012ko abenduaren 13ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Justiziarekin elkarlana. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook