Justizia herritarrengana hurbiltzen

Xabier Balerdi, Justizia Saileko proiektu arduraduna: "Eragileka konpromisoak hartu dira euskaraz aritzeko"

Xabier Balerdi, Justizia Saileko proiektu arduraduna:

Justizia Saileko proiektu arduraduna da Xabier Balerdi (Tolosa, 1965), eta proiektu horien artean dago Auzia Euskaraz izenekoa. Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute proiektua, besteak beste, abokatu eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaile eta magistratuek, Justizia Administrazioaren letradunek, fiskalek eta auzitegi medikuek. Talde horien guztien lana koordinatzeko lanetan EpaiBi ari da, Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizazio lantaldea.

Zein da Auzia Euskaraz proiektuaren taldearen helburua?

Ekimen honen helburua da herritarrek hala eskatzen dutenean auziak osorik euskaraz ahalbidetzea, demanda aurkeztetik epaia eman arte, tramitazio guztia barne. Horrelako prozesu batean kontuan hartu behar da eragile askok parte hartzen dutela, ez herritarrek bakarrik. Salaketa bat sartuz gero, abokatuaren eta prokuradorearen zerbitzua dago. Gero, tramitazio hori epaitegira joaten da, eta epaitegiko langileek parte hartzen dute. Gero, fiskalak, letradun judizialak eta epaileak daude, eta auzitegi medikuak ere parte har dezake. Beraz, operadore juridiko askok parte hartzen dute, eta denek euskaraz egiteko gaitasuna izateko, baldintza horiek lortzeko, lan asko egin behar da.

Gaur egun ez dira baldintza horiek betetzen, ezta?

Auzia Euskaraz proiektuak eragile euskaldunen bilketa bultzatzen du, eta adostasunean oinarritutako ekimenak martxan jartzea. Horretarako bultzatzen dugu profesional juridikoen artean euskara emaileak lortzea, horiek esatea prest daudela beraien lanaren parte bat behintzat euskaraz emateko. Eta egiten ari garena da Bergaran, Gernikan [Bizkaia] edo oraintxe Tolosan egin dugun bezala, eragile ezberdinen arteko bilerak egitea. Abokatuak, prokuradoreak, epaitegiko langileak, letradun judizialak eta epaileak ere biltzea, denak euskaldunak, eta denen artean adostea zein konpromiso hartuko dituzten euskaraz aritzeko.

2016ko abenduaren 1ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Euskara eta Justizia. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*