Justizia herritarrengana hurbiltzen

Zigor Kodearen erreformaren gakoak

Zigor Kodearen erreformaren gakoak

Uztailaren 1ean, Zigor Kodearen erreforma indarrean jarri zen.

Testua martxoaren 26an onartu zuen Diputatuen Kongresuak, eta horren bidez, araua aldatu eta eguneratu egingo da.

Hauek dira 2015eko uztailaren 1etik indarrean dagoen Zigor Kodearen erreformarako Lege Organikoaren zenbait berrikuntza nabarmen:

  • Berrikus daitekeen espetxealdi iraunkorra: Erreforma berriak gehitu duen berrikus daitekeen espetxealdi iraunkorra aparteko astuntasuna duten kasuei bakarrik ezarriko zaie, hala nola: bereziki larriak diren erailketak, Estatuburuaren edo bere oinordekoaren hilketa, atzerriko Estatuburuen hilketak eta genozidio edo gizateriaren aurkako delitu kasu larrienak.  Auzi horietan bidezkoa izango da salbuespenezko erantzuna ematea eta iraupen zehatzik gabeko espetxe-zigorra ezartzea (espetxealdi iraunkorra), beti ere, berrikusteko aukerarekin.
  • Zigorra betearaztea: Erreformak zigorraren betearazpena eteteko araudia egokitu du, espetxe-zigorraren betearazpena eteteko prozedura malguagoa izan dadin eta izapidetzea azkarragoa izan dadin.   Helburu berdinarekin, erantzukizun zibilaren betearazpenaren balorazioa egiteko erregimena , eta espetxe- zigorra lurralde nazionaletik irteteko aginduagatik ordezkatzeko erregulazioa ere aldatu dira. Erregulazio berriak baldintzapeko askatasuna emateko kasuak bere horretan mantentzen ditu. Baina, espetxe-zigorra lehen aldiz ezarri zaienei eta espetxealdi laburra dutenek  baldintzapeko askatasuna errazago eskuratzeko aukera izango dute.
  • Konfiskatzearen erregulazioa: Delituetatik eratorritako aktiboak berreskuratzeko eta horien kudeaketa ekonomikoa eraginkorragoa izateko helburuarekin, bitarteko legalak erraztuko dituzten aldaketak egin dira.  Onura ekonomiko handiak eragin ditzaketen eta denboran zehar luzatu diren delitu-jarduerei ere ezarriko zaizkie. Konfiskatze zabalduaren bitartez, epaile eta auzitegiek diru- irabaziak etengabe ematen dituzten delituak zigortzeko -drogak salerostea, terrorismoa edo kapitalak zuritzea, besteak beste - zigortuaren ondasunak eta delitu-jardueratik eratorritako efektuak konfiskatzea agindu dezakete. Beti ere, konfiskatutako efektuen jatorria zilegi ez dela adierazten duten arrazoizko zantzuak badaude. 
  • Sexu-adostasunerako adina: Sexu-adostasunerako adina 16 urtera igo da.  Haurren Eskubideei Buruzko Konbentzioak xedatutakoaren arabera, 16 urtetik beherako adingabeekin izaera sexualeko harremanak izatea delitua izango da. Salbuespena izango da harremanak dituen norbanakoak antzerako adina eta garapen edo heldutasun maila duenean. Bestalde, prostituzioaren aurkako delituei dagokienez, bereizketa garbiagoa egin da eta biktima heldua edo adingabea zein babes berezia behar duen gabeziadun norbanakoa bereizi dira.   Bigarren kasuan, europako legeriarekin bateratzeko, zigorrak handitu dira ; ondorioz, haurren prostituzioari lotutako kasu kaltegarrienei aurre egiteko astungarri berriak zehaztu dira.
  • Ondarearen aurkako delituak: Jabegoaren eta ondarearen aurkako deituen erregulazioa ere aldatu da,  berrerortze anitzei eta larritasun maila handiko delituei aurre egiteko. Helburu horrekin, ebasketa-falta kendu egin da eta ohiko delitugintza astungarria sortu da. Larritasun txikiko kasuak, falta izatetik delitu arin izatera pasa dira; hala ere, larritasun txikiko kasuak izateari utziko diote, baldin eta inguruabar astungarriren bat badago, zehazki, jabegoaren eta ondarearen aurkako delituak behin eta berriz egiten dutenak. 
  • Jabego intelektualaren aurkako delituak: Erreformak ezarriko duen aldaketa berrien artean, jabego intelektualaren aurkako delituen erregulazioa dago. Aldaketak babes juridiko-penal egokia emateko helburua du, arlo hori babesteko dagoen Jabego Intelektualaren Legea alde batera utzi gabe.
  • Babesa handitzeko, hurrengo aldaketak ezarri dira: erreproduzitu, plagiatu, banatu edo publikoki zabaldu bezalako egungo ohiko jokabideez gain, jabego intelektualaren eskubideak dituen norbanakoaren onespen gabe, obra edo prestazioa ekonomikoki ustiatzea zigortuko da. Horretarako, irabaziak lortzeko asmoa elementu subjektiboa  irabazi ekonomiko zuzena edo zeharkakoa lortzeko asmoagatik ordezkatu da. Horren bidez, zuzenean aberastu ez baina etekinak zeharka ematen dituzten jokaerak zigortuko dira. 
  • Aurrekariak ezabatzea eta indultua: Erantzukizun penala bete duten zigortuek, Justizia Ministerioari ofizioz edo alderdiak ala eskatuta, aurrekari penalak ezabatzeko eskubidea daukate. Beti ere, hurrengo baldintzak betetzen badituzte: delitu arinen kasuan, zigorra bete eta sei hilabeteko epean beste deliturik egin ez badute; zuhurtziagabekeriazko delituetan, zigorra 12 hilabetetik beherakoa izan bada eta bete ostean bi urteko epean beste deliturik egin ez badute; delitu arinen kasuan, zigorra hiru urtetik beherakoa izan bada, hiru urteko epea deliturik egin gabe; hiru eta bost urteko espetxealdia izan bada, hiru urte deliturik egin gabe; delitu larrien kasuan berriz, hamar urtez deliturik egin gabe egon beharko dira. Indultuari dagokionez, 1870eko ekainaren 18ko Legea, Indultua emateko Arauak ezartzen dituenari, xedapen gehigarria gehitu zaio; horren arabera, Gobernuak, sei hilabetez behin,  emandako eta ukatutako indultuen txostena bidali beharko du Diputatuen Kongresura.

 

2015ko uztailaren 6ean argitaratua. Honi buruz gehiago irakurri:  Araudien azken berriak. Iruzkin bat egin.
  • Partekatu:
  • Email
  • Twitter
  • Facebook

Artikulua iruzkindu

*
*
Ez da argitaratuko
*
*